20 urte
dituen Durangoko Euskal Denda tradizio handienetako da Euskal
Herrian. Esan beharrik ez dago, Arbaso, Euskal Herriko artisauen
elkarteak antolatzen duen azoka hau erakusleiho garrantzitsuena dela;
horregatik bada, lurralde guztietako artisauek parte hartuko dute,
beste behin ere, Durangoko Merkatu plazan. Abenduaren 4tik 8ra
bitartetan, Euskal Denda ezinbesteko hitzordua da artisaua bizirik
dagoen gremioa dela erakutsarazteko, baita ohartarazteko ere
tradizioz, ofizioz eta trebetasunez beterik datorrela, ilusioz eta
itxaropenez, baina batez ere, hobetzeko gogoz.
Edizio hau aurkezteko Durangoko Arte eta Historia Museaon batu dira Bernat
Vidal, Arbasoko presidente, Itziar
Bengoa, Arbasoko Lehendakariordea eta Aitziber
Irigoras, Durangoko Alkatea. Hirurek Euskal Dendaren garrantzia azpimarratu dute, eta Irigorasek Euskal Dendaren urteurrena dela-eta zoriondu du Euskal Herriko artisauen elkartea.
Euskal Denda atzera begiratu eta aztertze-kutsuarekin
dator. Ekoizle zein bisitarien egutegian finkatuta dagoen hau, beraz,
iraganari eta etorkizunak dakarrenari buruzko gogoeta egiteko
baliatuko dute. Hamarkada hauetan bietan egindako bidea ebaluatu eta
sektorearen etorkizuna aurreikusteko asmoa dute. Ezina zena egia
bihurtzeko ikaragarrizko esfortzua, lana, adore eta konfiantza izan
dugu, askotan zailtasunei aurre eginez eta aurtengo Euskal Dendaren
“Ezina ekinez egina” leloa berretsiz.
Arbasokoek artisautzaren aitzindaritzat dute euren elkartea,
gehienek lanbide zaharren aldekoak baitira, baina berrikuntza-plusa
gehitu duten zenbait ere badira. Horrela bada, lanbide zaharrei
eutsita, eraldatu eta garaikide bihurtu dituzte, beti ere, eskuz
lantzeko ikuspuntu eta irizpidetik abiatuta. Pieza guztiak eskulan
eta artisautza prozesuen arauak errespetatuz diseinatzen dira.
Euretariko askotan, ordea, artisauek berrikuntzara jotzen dute eta
inspirazio iturria orainean eta geroan topatzen dute. Horregatik
bada, gaur egun artisau izatea garaikide izatea da; horixe ikusiko
baitugu aurtengoan.
Euskal
Dendaren helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea
bultzatzea eta merkaturatzea da, beti ere, Euskal Herrian
egindakoaren zigiluaz. Beraz, aukera ezin hobea da bisitariek
bertatik bertara artisauen lanak ikusi eta goza dezaten, eginkizun ia
ezinbestekoa profesional hauek biziraungo badute. Esperientzia honi
esker, bisitaria ohartuko da lanbide zaharrak indarrean daudela, eta
ez dela pieza sortu berrien kalterako.
Artisautza bizimodu gisa uler daiteke, baina gure herriaren balio
kulturalak bultzatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko modu bat ere
bada, baita galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazteko bidea ere. Euskal Denda dirauen bitartean, hainbat ekintza ludiko egingo dira
azoka barruan artisauaren eta bisitarien arteko interakzioa
dinamizatzeko eta, azken batean, bisitaria artisautzaren munduan
sarrarazteko.
Parte hartzaileak
Euskal
Dendak euskal lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. 51
artisau, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik
etorritakoak. Espazioak dituen mugak direla eta, ezinezkoa da
erakusketari gehiago ekartzea. Hala ere, horrek ez du esan nahi
Euskal Denda ez dela hazten ari; izan ere, urterik urte, euren
lanbideei buelta emanez, egokitu eta gaurkotzea lortu duten
abangoardiako artisauek parte hartzen dute. Berrogeita hamar
artisauetatik, hamasei berriak izango dira.
Bizkaia
izango da ordezkari gehien ekarriko dituena, hogei, hain zuzen ere,
iaz baino bat gehiago. Gipuzkoatik hamasei etorriko dira; Nafarroa
iazko lautik bederatzira pasatu da. Arabarrak ere gehiago izango
dira, bost. Lapurditik, aurrekoan bezala, bat etorriko zaigu.
Artisau-jarduera gune inportantea den Durangaldeak bost ordezkari
izango ditu Euskal Dendan, honakoak: Anitha Mol, Elorrion papera eta
kartoia lantzen dituen tailerra; zeramika lantzen duen Rosa Etxabe,
erakusketari berria; Durangoko Restaurarte, 2010eko stand onena
sariaren irabazlea ere han izango da, urtero bezala; eskualdeko
taldea osatzeko Bea Unzuetak zuntz begetalak erakutsiko ditu eta
Eneko Unzaluk bitxiak.
Sektoreei dagokienez, aurten ehungintza da
nabarmentzekoa, bost izango baitira erakusketariak. Moda, patchworka,
tapizatua, umeentzako ehungintza edo arropa modernista, guztiak
aurrerabide ezagugarri. Halaber, nobedadea izango dira egurrezko
betaurrekoak, zeinek kritika ezin hobeak izan dituen I+G+B
ikuspegitik. Egurgintzak, bada, zazpi ordezkari izango ditu.
Nekazaritzazko elikagaietako artisauak ere zazpi izango dira, beira
lantzen dutenak lau, bitxigintzakoak zazpi eta forjari bat.
Erakusketa gunea osatzeko, otzaragile bat eta sei zeramikagile batuko
zaizkie aipaturikoei. Larrugintzak bost ordezkari izango ditu.
Halaber, espazioa eta denbora emango zaizkie birziklatutako
objektuei, euskal kirolari, beste bina kosmetikari eta
jostailugintzari.
Erakusketari
berriak hamasei izango dira. Nafarroatik, lehen aldiz, beira lantzen
duen Decristalia-Cristal eta moda eta diseinua lantzen duen Erabili.
Arabatik berriak etorriko zaizkigu ia denak: Irantzutzu, patchworken
espezializatua; Lekutxu, bere jostailu naturalekin; eta bitxigintza
garaikidearena lantzen duen Madame Kiwi. Bizkaitik, apostu
berritzailea egingo du Anithak, bere papergintzako antzinako
teknikekin. Lehen aldiz izango dira Ceramica el Unicornio eta Ixi
Wood berritzaileak, sormen handiko sortzaileak eta egurrezko
betaurrekogileak. Halaber, lehen aldia da kosmetiko naturalak egiten
dituen Landalorerentzat; larruzko osagarriak egiten dituen Larruzko
Eskuakentzat eta Rosa Etxabe zeramikagilearentzat. Gipuzkoak honako
ordezkariak bidaliko ditu: tapizatuetako tekniketan abangoardian ari
den Artezi Tapizeria; nekarazitzako elikagaigintzan ari den Damasoro
Etxaldea; larrukigintzako produktuak egiten dituen Eskuz Larrugintza;
Hazi eta Hezi jostunak; jostailugintzako abenturan murgilduta dabilen
Kromosoma. Aipaturiko guztiek osatuko dute 20. Euskal Denda.
2015eko
JARDUERAK
Euskal
Dendak beti hartzen ditu aintzakotzat bisitariak, artisautza
tradizionalean murgiltzeko asmoarekin. Aurtengo 20. edizioan, bada,
are gehiago. Asmoa baita ekoizleak bertatik bertara ezagutzeaz gain,
antzinako lanbideak ezagutaraztea eta horietan sakontzea. Horregatik
bada, bertan, zuzeneko erakustaldiak egingo dituzte. Beharbada,
tailerrak eta erakustaldiak dira azoka hau Euskal Herrian egiten
direnetatik berezia egiten dutenak. Beraz, aurten ere, bisitaria
ikuslea izateaz gain, pieza bat sortzeko prozesuan parte hartu ahalko
du.
Halaber,
Euskal Dendaren bost egunetan, “artisau despistatua” lehiaketan
parte hartu ahalko dute bisitariek, beraiek izango baitira
protagonista eta hautatuko baitute zein izan den erakustoki onena.
Zozketak ere izango dira: erosketa-baleak eta egurra lantzeko
ikastaroetan parte hartzea.
Kartela
Abestiek
dioten eran, “20 urte ez da ezer” edo “bizitza osoa da”;
edozelan ere, gogoan izateko urteurrena da, eta horixe nahi du Euskal
Dendak. Horretarako, Kukuxumuxu markara jo dugu, lehen kartela ere
beraiek egin baitzuten.
Atzera
begiratu, gogora ekarri eta aztertzea irudikatu nahi izan dute
Iruñeko diseinatzaileek, euren estilo ikonoklasta erabilita.
Kartelean, lanbide zaharrek izan duten garapena ikus daiteke.
Grafismo
biribila erabili du Kukuxumuxuk, eta erruleta bat irudikatuz, Euskal
Dendan ikusgai izango diren lanbideak ageri dira. Parte hartuko duen
edozein artisauk ikusi ahalko du bere lana islatuta kartelean, non
gogora ekartzen dizkigun antzinako lanbideak eta, zailtasunak
gaindituta, urteetan zehar izan duten garapena, eta balioa hartzen
joan direla zoritxarrari aurre eginez, aurtengo lelo “Ezina Ekinez
Egina” benetako bihurtu arte.
Bestalde,
hamarkada bi hauek ospatzeko, erakusketa bat jarriko da merkatu
plazako atarian Euskal Denda iragartzeko erabili diren edizio
guztietako kartelak ikusgai egon daitezen.
Artetsu Sariak
2005ean hasi
ginen Artetsu sariak ematen, Arbaso elkartearen hamargarren
urteurrenarekin batera. Sari hauen bitartez, banakakoen edota
entitateen lana aintzat hartu nahi dugu. Halaber, konplizitaterako
bidea eta loturak sortu nahi ditugu aipaturiko lan hori apurka-apurka
hazten joan dadin eta, era horretan, gure artisautzaren aldeko hain
garrantzitsua den kontzientziazioa ere eragingo dugu.
Horregatik
bada, zentzu guztietan artisautzaren alde egiten duten artisauak,
erakundeak eta hedabideak saritzen ditugu. Hamaikagarren edizio
honetako Artetsu sariak honakoak izango dira:
BIZITZA
OSOA: Jose
Ramón Salmantón. Salmantón. Otzaragintza.
Elena Txintxurreta. Buztingintza.
Alicia Bengoetxea. Espartingintzan.
HEDABIDEAK:
DEIA.
ERAKUNDEAK
LAGUN: Zamudioko Udala.
EUSKARA
SUSTATZEA: Euskal Herrian Euskaraz.
Sariak
emateko gala abenduaren 4an, ostiralean, egingo da Udal Merkatu
Plazan, arratsaldeko 19:30etan.
Sariaren
ikurra esku bat da, gai eta tresna nahitaezkoa, ezinbestekoa
artisautzan jarduteko. Beiraz eginiko alegoria bat da, gardentasuna,
argia, ardura eta lan-xehetasuna adierazten dituena. Egilea, Bilboko
Iker Sanz da, Iger by Aker artisau-tailerrekoa.