Durangoko
20. Euskal Denda prest dago jada. Gaur, eguerdian, zabaldu ditu ateak eta
asteartera arte, bisitariek Euskal Herriko lurralde guztietatik 51
etorritako artisauen lanak ikusteko aukera izango dute. 20. edizioa
denez, Durangoko merkatu plaza jai erraldoia izango da, eta
ezustekoak ere izango dira. Euskal Denda dirauen bitartean, hainbat
ekintza ludiko egingo dira azoka barruan artisauaren eta bisitarien
arteko interakzioa dinamizatzeko eta, azken batean, bisitaria
artisautzaren munduan sarrarazteko.
20 urte
dituen Durangoko Euskal Denda tradizio handienetako da Euskal
Herrian. Esan beharrik ez dago, Arbaso, Euskal Herriko artisauen
elkarteak antolatzen duen azoka hau erakusleiho garrantzitsuena dela;
horregatik bada, lurralde guztietako artisauek parte hartuko dute,
beste behin ere, Durangoko Merkatu plazan. Abenduaren 4tik 8ra
bitartetan, Euskal Denda ezinbesteko hitzordua da artisaua bizirik
dagoen gremioa dela erakutsarazteko, baita ohartarazteko ere
tradizioz, ofizioz eta trebetasunez beterik datorrela, ilusioz eta
itxaropenez, baina batez ere, hobetzeko gogoz.
Edizio hau, Euskal Denda atzera begiratu eta aztertze-kutsuarekin
dator. Ekoizle zein bisitarien egutegian finkatuta dagoen hau, beraz,
iraganari eta etorkizunak dakarrenari buruzko gogoeta egiteko
baliatuko dute. Hamarkada hauetan bietan egindako bidea ebaluatu eta
sektorearen etorkizuna aurreikusteko asmoa dute. Ezina zena egia
bihurtzeko ikaragarrizko esfortzua, lana, adore eta konfiantza izan
dugu, askotan zailtasunei aurre eginez eta aurtengo Euskal Dendaren
“Ezina ekinez egina” leloa berretsiz.
Euskal
Dendaren helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea
bultzatzea eta merkaturatzea da, beti ere, Euskal Herrian
egindakoaren zigiluaz. Beraz, aukera ezin hobea da bisitariek
bertatik bertara artisauen lanak ikusi eta goza dezaten, eginkizun ia
ezinbestekoa profesional hauek biziraungo badute. Esperientzia honi
esker, bisitaria ohartuko da lanbide zaharrak indarrean daudela, eta
ez dela pieza sortu berrien kalterako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario